MUNDUKO DANTZAK 2017

MUNDUKO DANTZAK

 Urtero proiektu berriak lantzeko ohiturari jarraituz, “Munduko Dantzak” ekintzarekin buru belarri ibili gara martxotik aurrera. Bertan, mundu osoan zehar esanguratsuak diren hiru dantza jorratu ditugu Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasita Lehen Hezkuntzako 6. maila arte:
- Haka: maorien dantza famatua
- Sirtaki: “Zorba el Griego” film-ak Anthony Quinn-en bitartez munduari ezagutarazi zion dantza ederra
- Txapeloaz: Ermitaberrin dagoeneko tradizio bihurtu den polka
Dantza bakoitzaren historia, berezitasunak, lurralde bakoitzean duten esanahia eta garrantzia, etab. aztertu ditugu lehenbizikoz, musika eta entseguekin hasi aurretik.
Musika arloari dagokionez, helburuak erabat bete ditugu proiektu honekin:
  • Koordinazioa landu dugu, bai norberarena bai talde moduan lan egiteko.
  • Erritmoa ere funtsezkoa da, bereziki aukeratu ditugun hiru dantzetan eta, noski, oso lotuta dago koordinazioarekin.
  • Musika zaletasuna bultzatzea beti dugu helburu nagusi bezala eta aurten ere eskola osoan lortu dugula uste dugu.
  • Kamara aurrean lan egiteko ohitura ere garrantzitsu bihurtu zaigu. Gure ikasleek, egia esan, erraztasun handia lortu dute azken urteotan egin ditugun kontzertu eta bideoklipekin.
Guzti hau borobiltzeko, hiru bideoklip desberdin grabatu ditugu Ermitaberriko txokoetan baita Burlatako leku ezagunetan ere. Herriarekin dugun lotura ezinbestekoa ikusten dugu gure proiektuak lantzeko eta hau horren adibide da.
Ekainaren 14ean "Haka" estreinatuko dugu, 15ean "Sirtaki" eta 16an "Txapeloaz". Azken honekin batera hiru dantzak jasotzen dituen bideoa ere web orrian jarriko dugu. Azkenik, ekainaren 20an sorpresatxo bat dugu zuentzat, oraindik ezin dugu bere edukia azaldu...
Besterik gabe, disfruta ezazue Ermitaberrin sortu ditugun hiru bideoklip hauekin, “Munduko Dantzak” Ermitaberrira datoz:
 
HAKA
 
Zelanda Berriko eta inguruko irletako maorien dantzarekin hasiko gara. Bere garaian gudarako prestatzeko dantzatzen zuten arren, Zelanda Berriko “All Black” errugbi selekzioak munduan zehar zabaldu du dantza hau, partiduak hasi baino lehen aurkarien aurrean egiten hasi zirelako, beldurtzeko nahian baina beti ere errespetu seinale gisa. Guk Ermitaberrin dantzaren “Haka ka mate” aldaera egokitu dugu eta 6. mailako ikasleei eskaini diegu, gure artean pasatu duten beren azken urtearen omenez. Letra ere erabat berritu dugu:
Ermitaberri prest?
Bai!!!
Artista txiki eta handiak
Ermitaberriko ikasleak
Jatorrak eta maitakorrak
Agurtzeko garaia iritsi da
Agur seigarren mailako izartxoak
Aupa zuek! Gora zuek!
Udako oporrak zain dituzue
Bai!!


SIRTAKI (Zorba)
 
"Zorba el Griego" filmerako Mikis Theodorakis musikagileak 1964. urtean sortutako musika ezaguna hartu dugu gure bigarren dantza aurkezteko. Sirtakia, berez, filme honetarako asmatutako dantza da, Hasapiko dantza tradizionalean oinarriturikoa baina, izatez, berria erabat. Anthony Quinn-ek, gainera, bere estiloa eman omen zion belauneko lesio batengatik. Gaur egun Greziako dantzarik ezagunena dugu. Bertsio ezberdin asko onartzen dituen dantza izanik, Ermitaberrin gure modura egokitu dugu, beti ere dantza honek dituen bi zatiak errespetatuz: lehenbizikoa, mantsoa, teatrala, eta bigarrena azkarra eta alaia, erritmo zailagoarekin.


TXAPELOAZ
 
Ingalaterran omen du jatorria dantza honek, handik XIX. mendean Estatu Batuetara zabaldu eta zenbait aldaketatxo jasan ondoren, XX. mendeko 90. hamarkadan Euskal Herrira iritsi zitzaigun. Bazter guztietan dantzatu ondoren, Ermitaberrira iaz iritsi zen gure kontzertua amaitzeko eta bideoklip gogoangarria burutzeko. Aurten, tradizio gisa jadanik, Munduko Dantzak proiektua borobiltzeko erabili dugu gure ikasleekin.


                    HIRU DANTZAK JARRAIAN: HAKA- SIRTAKI (Zorba)- TXAPELOAZ

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

 ARTISTAK! PRAKTIKATZERA!